Nor Gara

Screenshot

Nor gara?


CEAR-Euskadik duela 25 urte baino gehiago ekin zion errefuxiatuen, migratzaileen eta aberrigabeen giza eskubideak eta garapen integrala defendatzeari. 2011z geroztik, gure jarduera-ildoetako bat izan da Eusko Jaurlaritzak giza eskubideen defendatzaileak aldi batean babesteko ezarritako programaren koordinazioa. Programa honen helburua da jatorrizko herrialdeko jarduerengatik bizia edo osotasun fisikoa arriskuan duten defendatzaileei babesa ematea, Euskadin, abegi programa batean sei hilabete emanez.

Programak egin duen zazpi urteko ibilbidean ikasi eta hausnartu dugunaren ildotik, ikusi dugu beste gizarte-erakunde batzuekin batera sakon aztertu behar ditugula erakunde horien kolaboratzaile eta giza eskubideen defendatzaile diren pertsonei babesa emateko premiak, arriskuak arintzeko aukera emango duten tresna batzuk izan ditzaten. Esperientziak eta ikasbideak partekatzeko interes horretatik sortu da Defendatzaileak Babesten ekimena.

Zer da Defendatzaileak Babesten?


Ekimen honen xedea da arrisku-egoeran dauden giza eskubideen defendatzaileekin lankidetzan diharduten gizarte-eragileak sendotzea babesaren arloan. Horretarako, ikerkuntza, prestakuntza eta eragin politikoa sustatzeko estrategia garatu dugu, gizarte-erakundeek eta instituzioek bizia, lurraldea eta giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonei babesa emateko konpromiso aktiboa har dezaten.

Webgune honetan babesaren arloan espezializatutako erakunde eta plataformei buruzko informazioa aurkituko duzue, bai eta giza eskubideen defendatzaileen arrisku-egoerak arintzeko dauden mekanismoak ere.

Screenshot