Aldi Baterako Babesa
-
ALDI BATERAKO BABES PROGRAMAK – ESTATU ESPAINIARRA
-
Aldi Baterako Babesa – Europa
-
Bekak
-
Kolonbiako indarkeriaren biktimei arreta emateko Asturiasko Programa (PAV)
Informazio gehiagoKolonbiako indarkeriaren biktimei arreta emateko Asturiasko Programa (PAV)
HELBURUA
Mehatxu larriak dituztela Kolonbiatik etorritako giza eskubideen defendatzaileak babestea. Programa 2001ean hasi zen, eta parte-hartzaileak sei hilabetez hartzen dira Gijongo udal-etxebizitzetan. Halaber, mantenurako laguntza ekonomiko bat ematen zaie, eta PAV bultzatzen duten erakundeen laguntza izaten dute. Horrez gainera, 2005az geroztik bisitak egiten dituzte Kolonbiara, eta delegazioek txostenak egiten dituzte, Asturiasko, Espainiako eta Europako parlamentuetan aurkezteko, bai eta kolektiboei eta erakundeei helarazteko ere.
NORENTZAT DA?
Arrisku-egoeran dauden sektoreetatik etorritako kolonbiarrak ditu xede, hala nola sindikalistak, giza eskubideen defendatzaileak, bai eta nekazari-komunitateen, herri indigenen eta komunitate beltz edo afro-kolonbiarren buruak ere.
ERAGILE INPLIKATUAK
- Garapenerako Lankidetzarako Asturiasko Agentzia.
- Programaren koordinazioa: SOLDEPAZ PACHAKUTI.
- Laguntza-sarea: UGT, CCOO, Suatea, CSI, USO, ISF, Amnistia Internazionala, COSAL, Caritas, CSCA, Asamblea Moza, GGKEen Koordinakundea, Pachakuti.
- Hautapen-batzordea: Giza Eskubideen Defentsarako Batzorde Iraunkorra (CPDH), Preso Politikoekiko Elkartasunerako Fundazio Batzordea (FCSPP), Laguntza Solidarioa emateko Elkarte Nazionala (ANDAS), Kolonbiako Indigenen Erakunde Nazionala (ONIC), Nekazaritzako Koordinatzaile Nazionala (CNA), José Alvear Restrepo Abokatu Kolektiboa (CAJAR), Estatu Krimenen Biktimen Mugimendu Nazionala (MOVICE), Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Federazio Sindikal Bateratua (Fensuagro) eta Langileen Zentral Unitarioko (CUT) Giza Eskubide sailak.
FUNTZIONAMENDUA
Hautagaiak aukeratzea: Kolonbiako batzorde batek aukeratzen ditu hautagaiak. Batzorde horretan bederatzi gizarte-erakundek parte hartzen dute, eta haietako batzuk aholku-emaile dira Nazio Batuen Erakundeko eta Amerikako Estatuen Erakundeko sistemetan: CPDH, FCSPP, Andas, ONIC, CNA, CAJAR, MOVICE, Fensuagro, eta CUTeko Giza Eskubide sailak. Erakunde horiek oinarrizko erakundeen proposamenak jasotzen dituzte, eta hautaketa bateratua egiten dute, aniztasuna aintzat hartuta.
Aldi baterako hartzea: Urtero bost defendatzaile hartzen dira sei hilabeterako. Pertsona horiek urtebeteko bizileku-baimena izaten dute, arrazoi humanitarioengatik. Programak hiru alderdi hauei erreparatzen die:
- Politikoa: elkartasun -espazioa sendotzea du helburu, aukera politikoak zabaltzeko, eta giza eskubideen urraketen berri emateko, salatzeko, gaitzesteko eta prebentzioan eragiteko.
- Pertsonala: arriskua murriztea eta biziraupena bermatzea, prestakuntza politiko eta intelektuala sendotzea; hartutako pertsonen egonkortasun emozionala bermatzea eta kultura-aukerak zabaltzea.
- Akademikoa: ikerketa-proiektuak diseinatzea, programaren esperientzia oinarri hartuta, proposamen berriak sortzeko, azterlanak argitaratzeko eta errefuxiatuentzako laguntza-politikak sustatzeko. Halaber, unibertsitateekin eta beste erakunde batzuekin ikerketa-sareak ezartzea Europan.
Defendatzaileek aurrez aurreko jardueretan parte hartzen dute Asturiasko gizartean; jarduera horietan, hartutako pertsonen eta Kolonbian dituzten erakundeen aurkezpena egiten da, eta haien testigantzak jasotzen dira. Orobat, topaketak egiten dira gizarte-erakundeen eta instituzioen segmentu oso zabal batekin, defendatzaileek dituzten arriskuei buruz jarduteko; elkarrizketak egiten zaizkie masa-komunikabideetan eta komunikabide alternatiboetan, eta sentsibilizazioa eta eragina areagotzeko aldizkako jardueretan parte hartzen dute.
Itzulera:: Kolonbiako giza eskubideen egoera egiaztatzeko ardura duten asturiar delegazioetan Asturiasko eta Espainiako estatuko hainbat gizarte-erakunde, erakunde politiko eta pertsona ospetsu daude. Monitorizazio-jarduerak egiten dituzte lekuan bertan, urtero txostenak idazteko, eta gero txosten horiek aurkezten dituzte iritzi publikoaren aurrean, bai eta Asturiasko eta Espainiako estatuko erakundeetan, Nazio Batuen Erakundean eta Europako Parlamentuan ere.
Giza eskubideen defendatzaileaak babesteko Kataluniako Programa
Informazio gehiagoGiza eskubideen defendatzaileaak babesteko Kataluniako Programa
HELBURUA
Jatorrizko herrialdean giza eskubideen aldeko jardueragatik bizia arriskuan duten defendatzaileei babes eta arreta integrala ematea, Katalunian aldi baterako hartuta, eta itzuleran laguntzea. Kataluniako erakundeek aurkeztutako hautagaiak, haien jatorrizko herrialdeetako erakundeek bermatuak, aztertzen dituzte, defendatzaileak hautatzeko.
Comissió Catalana d’Ajuda al Refugiat erakunde kolaboratzailea arduratzen da programaren kudeaketaz, eta Kataluniako gobernuko zenbait unitateren laguntza du.
ERAGILE INPLIKATUAK
- Jatorrizko herrialdeko erakundeak: defendatzailearen hautagaitza proposatu eta bermatzen duten jatorrizko herrialdeko erakundeak.
- Defendatzailearen hautagaitza aurkezten duten Kataluniako erakundeak.
- Erakunde Harremanetarako Zuzendaritza Nagusia eta Parlamentua, Memoriaren, Bakearen eta Giza Eskubideen Zuzendariordetza Nagusiaren bitartez.
- Garapenerako Lankidetzarako Kataluniako Agentzia.
- Berdintasun, Migrazio eta Herritartasun Idazkaritza.
- Comisión Catalana de Ayuda al Refugiado (programaren kudeaketarako erakunde laguntzailea).
- Sant Cugat del Valleseko Udala.
- Defendatzaileen hautagaitzak aurkezten dituzten Kataluniako erakundeak.
NORENTZAT DA?
- Giza eskubideen defendatzaileak: atzerriko nazionalitatea duten pertsona fisikoak, gizarte-erakunde edo mugimendu sozial bati lotuak, jatorrizko herrialdean, iragaitzazkoan zein harrerakoan bizia edo osotasuna arriskuan dutenak, giza eskubideen aldeko jardueragatik.
EGONALDIAREN IRAUPENA:
Sei hilabeteko harrera Katalunian, eta jatorrizko herrialdera itzultzen laguntzea eta jarraipena egitea.
LAN-ARDATZAK:
Defendatzaileei laguntza integrala ematea, honako arlo hauek barne hartuta:
- Arreta psikosoziala.
- Sentsibilizazioa eta eragin politikoa sustatzeko agenda.
- Prestakuntza-agenda.
- Itzuleran laguntzea eta jarraipena egitea.
Giza eskubideen defendatzaileak babesteko Euskal Programa
Informazio gehiagoGiza eskubideen defendatzaileak babesteko Euskal Programa
HELBURUA
Jatorrizko herrialdeko jarduerengatik bizia edo osotasun fisikoa arriskuan duten giza eskubideen defendatzaileei babesa ematea, Euskadin, abegi programa batean sei hilabete emanez.
Eusko Jaurlaritzaren mendeko Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak zuzentzen du programa, eta CEAR-Euskadik kudeatzen du.
ERAGILE INPLIKATUAK
- Eusko Jaurlaritzaren mendeko Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza.
- Errefuxiatuei Laguntzeko Euskadiko Batzordea (CEAR-Euskadi)
- Laguntza-sarea: Euskadiko erakunde eskatzaileak.
- Hautapen-batzordea:
a) Eusko Jaurlaritza: Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia eta Kanpo Harremanak;
b) beste erakunde batzuk: Hegoa Institutua (Euskal Herriko Unibertsitatea), Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua (Deustuko Unibertsitatea), Euskadiko GGKEen Koordinakundea, eta Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Elkarteen Foroa. - ANSUR kolektiboa.
- Defendatzaileen jatorrizko elkarteak
- Programaren bidez hartutako pertsonak
- Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordea.
FUNTZIONAMENDUA
A. Hautagaien aurkezpena: Programak, urtero, hiru pertsona hartzen ditu Euskadin sei hilabetez. Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak deialdi ofiziala argitaratutakoan, hautagaiak aurkezteko epea hasten da. Hautagaiak Euskadin egoitza duen giza eskubideen aldeko erakunde baten bidez aurkezten dira.
B. Hautagaiak aukeratzea: Hautagaien izenak jasotzeko epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak hautaketa-batzordea biltzen du, bidalitako eskabideetan eta agirietan oinarrituta erabaki ditzan zer hiru pertsona hartuko diren. Euskadin egoitza duten erakundeen artean, aukeratutako hautagaiak dituztenak Harrera Sarean sartuko dira, eta komunikazio-bide izango dira programaren koordinazioaren eta jatorriko erakundearen artean.
C. Jatorri-herrialdeetatik irtetea: Jatorriko erakundeek eta Harrera Sareak batera antolatzen.
D. Aldi baterako hartzea:Prozesu horren barruan laguntza psikosoziala eta lan politikoa daude, hartutako pertsonen eta haien erakunde, komunitate eta mugimenduen gizarte-sarea sendotzen laguntzearen ikuspuntutik. Honako hauek planteatzen dira:
- 1. Laguntza psikosoziala: Programa ikuspuntu psikosozialetik garatzen da. Babesaren ikuspegi osoa dauka, honako alderdi hauek aintzat hartuta: alderdi pertsonalak, antolaketari buruzkoak eta politikoak; indarkeria politikoaren ondorioz arreta berezia behar duten pertsonentzako laguntza psikoterapeutikoa; eta hartutako pertsonen zaintza, herrialdetik aldi baterako irten izanaren esperientzia gauzatzeari dagokionez.
- 2. Agenda politikoa: Euskadin dauden bitartean egiten duten lanaren xedea da pertsona horiek eta haien erakundeek laguntza politiko eta instituzionalaren esparruan dauzkaten nazioarteko sareak zabaltzea eta indartzea. Sare horiek, praktikan, babes-mekanismoak dira, eta jatorrizko herrialdeetan giza eskubideen alde lan egiten jarraitzea ahalbidetzen dute. Lan horri esker, bestalde, giza eskubideen alde lan egiten duten erakundeek pairatzen duten mehatxu-egoera azaltzen eta salatzen da euskal herritarren eta erakundeen aurrean (bai eta, hala egokituz gero, Espainiakoen eta Europakoen aurrean ere), eta haiek guztiak sentsibilizatu egiten dira.
- 3. Prestakuntza-agenda: 1. Interesen eta kezken arabera, giza eskubideen defentsa eta sustapenarekin zerikusia duten alderdietan espezializatutako prestakuntza antolatzen da. Programaren bidez hartzen diren pertsonek lan-ibilbide ezaguna dutenez, hizlari ere aritzen dira gune akademiko eta sozialetan.
E. Itzulera: Programaren une kritikoetako bat da, bereziki hartutako pertsonen segurtasunari dagokionez. Horregatik, elkarren osagarri diren zenbait gauza egin behar dira:
- Amaierako testuinguru-azterketa, erakundeek jatorrizko herrialdean egindako etengabeko jarraipenaren ondorio.
- Ekintza-planak diseinatzea lurraldeetara itzultzeari begira.
- Esperientzia amaitzea eta ebaluatzea.
- Euskal ordezkaritza baten bisita jatorrizko herrialdera, hartutako defendatzaileak hara itzuli ondoren.
-
EU Human Rights Defenders Relocation Platform
Informazio gehiagoEU Human Rights Defenders Relocation Platform
Arriskuan dauden giza eskubideen defendatzaileak aldi batez birkokatzeko lanean diharduten nazio mailako, eskualde mailako eta nazioarteko erakundeen plataforma. Giza eskubideen defendatzaileak aldi batez birkokatzeko sektorean diharduten eragileen arteko koordinazioa eta lankidetza bideratzea du helburu nagusi. Plataformako kideak hainbat sektoretakoak dira: unibertsitateak, gobernuz kanpoko erakundeak, hiriak, herriak eta kanpo-harremanetarako ministerioak. Eragile horiek Europan egon daitezke, bai eta defendatzaileak arriskuan dauden herrialde edo eskualdeetan ere. Plataformak kideen arteko harremanak eta trukeak bultzatzen ditu, programen eta zerbitzuen kopurua eta kalitatea handitzea helburu hartuta, arriskuan dauden giza eskubideen defendatzaileen segurtasuna hobetzeko.
Besteak beste, honako jarduera hauek egiten dituzte: giza eskubideen defendatzaileen birkokatze-premiak identifikatzen dituzte, haiekin lankidetza estuan; aldi baterako babesa ematen diete herrialdearen barruan; defendatzaileei ostatu ematen diete haien eskualdean edo eskualdetik kanpo; defendatzaile birkokatuei zerbitzuak edo trebatzeko aukerak ematen dizkiete, eta lekuan bertan babesten laguntzen diete.
Plataformaren webgunea, kideentzako ataria izateaz gainera, informazio-iturria da giza eskubideen defendatzaileen gainean, haien birkokatzeaz eta aldi batez birkokatzeko programei buruz gehiago jakin nahi dutenentzat.
Protect Defenders
Informazio gehiagoProtect Defenders
Europar Batasunaren tresna, arrisku egoeran dauden giza eskubideen defendatzaileak babesteko ezarria. Giza eskubideen aldeko 12 GKEk osatutako partzuergo batek zuzentzen duen ekimena da.
Diru-laguntzak ematen dizkie giza eskubideen defendatzaileei, haien herrialdean edo atzerrian birkokatzeko, premiazko meatxuak antzemanez gero. Birkokatuta dauden bitartean, pertsona horiek hainbat aukera dituzte: atseden hartu, birgaitzen ahalegindu, prestakuntzaren bidez gaitasunak landu, nazioarteko harreman-sarea zabaldu, toki seguru batetik giza eskubideen alde lanean jarraitu eta itzulera seguru bat prestatu.
ProtectDefenders.eu bidez, arrisku-egoeran dauden partikularrek zuzenean bidalitako eskaerak onartzen dira, bai eta hartzaile izan daitezkeen erakundeek bidalitakoak ere, defendatzaile baten izenean egiten badute. Behar izanez gero, ProtectDefenders.eu bitartekari izan daiteke, defendatzaileak eta balizko harrera-erakundeak harremanetan jartzeko.
Finantzatzeko hautatu ohi diren ekintzen artean, birkokatzeko zikloaren fase guztiak daude: etorri aurreko identifikazioa, jatorrizko herrialdetik kanpo kokatzea eta hartzea, harrera-herrialdean egonaldia egitea, jatorrizko herrialdera itzultzea, eta kontrola eta jarraipena. Segurtasun-baldintzek aukera ematen badute, familiako kideen gastuak ere sartuko dira, behar bezala justifikatuz gero, eta balizko harrera-erakundea kide horiek hartzeko prest baldin badago.
ProtectDefenders.eu eskaeren ebaluazioa banan-banan egiteaz arduratuko da. Nolanahi ere, defendatzaileak birkokatu aurretik, pertsonen segurtasunerako eta babeserako prebentzio-neurriei lehentasuna emango zaie.
ICORN International Cities of Refuge Network
Informazio gehiagoICORN International Cities of Refuge Network
Idazle eta artista jazarriei aldi baterako egonaldiak eskaintzen dizkieten 60 hiri eta eskualde baino gehiago biltzen dituen erakunde independentea.
Programa honetan parte har dezake iritziak lanaren edo artearen bidez adierazteagatik jazarritako idazle edo artista orok. Berariaz, Programaren xede dira idazle sortzaileak, fikziozkoak ez diren testuen idazleak, argitaratzaileak, itzultzaileak, artistak eta musikariak.
Aldi baterako egoitza eskatzeko, ekimenaren webgunean dagoen galdetegi bat bete behar da (https://www.icorn.org/application-guide-writers-and-artists-risk). Eskatzaileak galdetegi bete behar du, eta helbide elektroniko honetara bidali: icorn@icorn.org
Shelter City
Informazio gehiagoShelter City
Holandako Justizia eta Bakea erakundearen ekimena, giza eskubideen defendatzaileak babesteko, herrialde horretako zenbait herritan hiru hilabetez birkokatuta. Helburua da pertsona horiei arnasaldi bat ematea, giza eskubideen alde lanean jarrai dezaten. Egonaldiak irauten duen bitartean, hartutako pertsona horiek gizarte zibileko erakundeekiko harreman-sarea sendotzeko aukera dute, eta Hagan, Bruselan eta beste gune batzuetan politikoki eragin dezakete. Orobat, ikastaroak egin ditzakete, haien gaitasunak sendotzeko, batez ere eragin politikoarekin lotutako arloetan.
Parte-hartzaileen hautaketa urtean bitan egiten da, deialdi publikoen bidez. Ekimenak kostu guztiak ordaintzen ditu.
-
CARA – The Council for At-Risk Academics
Informazio gehiagoCARA – The Council for At-Risk Academics
Berehalako arriskuan dauden mundu guztiko akademikoak helburu dituen programa, doktoratu osteko ikerkuntzarako Erresuma Batuan edo atzerrian toki segurua urgentziaz behar izanez gero. Helburua da arlo akademikoan diharduten pertsonei laguntzea haien gaitasunei eusteko eta garatzeko prozesuan, bai eta jatorrizko herrialdera itzultzean komunitate akademikoan eta zientifikoan jarduteko beharko dituzten sareak sendotzen laguntzea ere. Sarritan, onuradunaren familiari laguntzen dio programak, egonaldian familiakoak ere hartzeko.
Eskaera egiteko, galde-sorta labur bati erantzun behar zaio webgunean, “Cara Fellowship Enquiry Form” formularioa deskargatu eta bete behar da, eta posta elektronikoz bidali behar da, dokumentuak erantsita.
IIE Scholar Rescue Fund
Informazio gehiagoIIE Scholar Rescue Fund
Edozein herrialde eta jakintza-arloko irakasle, ikertzaile eta intelektualei, arriskuan egonez gero, bekak eskaintzen dizkie, egoera seguruan lanean jarrai dezaten. 2002an hasita, 58 herrialdetako 750 pertsonari lagundu die, eta pertsona horiek 43 herrialdetako 375 unibertsitatetan hartu dituzte.
Eskaerak aztertzeko, irizpide hauek aintzat hartzen dira: kalifikazio akademikoak, eskatzailearen lanaren kalitatea edo potentziala, eta pairatzen dituen mehatxuen larritasuna. Urte osoan onartzen dira eskaerak, eta hiru hilez behin hautaketa-batzorde batek ebaluatzen ditu. Noiz edo noiz, larrialdietako eskaerak aztertzen dira ziklo horietatik kanpo.
Scholars At Risk
Informazio gehiagoScholars At Risk
Arriskuan dauden akademikoak babestea eta askatasun akademikoa sustatzea xede duten erakunde eta pertsonen nazioarteko sarea. Arriskuan dauden akademikoei zenbait aukera ematen dizkie: birkokatzea, aholkularitza eta karrera akademikoan laguntzeko zerbitzuak.
Beka eskatzeko formularioa esteka honen bidez eskura daiteke: https://www.scholarsatrisk.org/secure-submission/. Bestalde, e-maila bat ere bidal daiteke helbide elektroniko honetara: apply.scholarsatrisk@nyu.edu.
The Hague Training Course
Informazio gehiagoThe Hague Training Course
Justice and Peace (Justizia eta Bakea) erakundeak gidatutako ekimena da, giza eskubideen defendatzaileei bi asteko prestakuntza-programan parte hartzeko aukera ematen diena. Arlo hauek ditu ardatz: babes-mekanismoak, segurtasun digitala, arriskuaren analisia eta eragin politikorako tresnak.
DefendDefenders. East & Horn of Africa Human Rights Defenders Project
Informazio gehiagoDefendDefenders. East & Horn of Africa Human Rights Defenders Project
EHAHRDP unibertsitateekin batera ari da lanean Ugandan, Kenyan, Ameriketako Estatu Batuetan eta Ingalaterran, arriskuan dauden defendatzaileak programa akademikoetan kokatzeko, haien lanerako garrantzitsuak diren arloetan espezializatzek aukera izan dezaten.
Deustuko Unibertsitatea – Herri Indigenen Giza Eskubideei Buruzko Prestakuntza-Programa
Informazio gehiagoDeustuko Unibertsitatea – Herri Indigenen Giza Eskubideei Buruzko Prestakuntza-Programa
Prestakuntza-programa bi erakunde hauen arteko lankidetzaren emaitza da: Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoa eta Deustuko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua.
Programaren bidez, herri indigenetako gizon-emakumeei ezagutzak eskuratzeko aukera ematen zaie, nazioarteko giza eskubideei buruz, oro har, eta bereziki herri indigenen eskubideei buruz; hartara, haien erakundeetan eta komunitateetan laguntzeko gai izango dira, herrien giza eskubideak babesteko eta sustatzeko jardunean. Programak, nazioarteko eragin politikoa duten jardueren bidez, bekadunen bidea errazten du, herri indigenen giza eskubideak defendatzeko nazioarteko lan-sareetan sartzen lagunduz.
Programaren amaieran bekadun bakoitzak Nazio Batuen sistema orokorrari buruzko ezaupide orokorrak izatea espero da, bai eta giza eskubideen nazioarteko tresna eta mekanismoei buruzko ezagutzak ere, bereziki herri indigenentzat interesgarriak direnak aintzat hartuta. Programa bukatzean, parte-hartzaileek jatorrizko komunitate eta erakundeetan beste pertsona batzuk trebatzeko gai izan beharko dute; halaber, eskubideak tokiko, nazioko eta nazioarteko esparruetan defendatzeko moduan egongo dira.
Programak beka oso bat eskaintzen dio ikasle bakoitzari. Apirilean hasten da eta uztailean amaitu, eta bi zati bereizi ditu. Lehenengoa Bilbon da, Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuaren egoitzan. Bigarrena, berriz, Genevan (Suitza), Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoan.
Centre for Applied Human Rights: Protective Fellowship Scheme – University of York
Informazio gehiagoCentre for Applied Human Rights: Protective Fellowship Scheme – University of York
Arriskuan dauden defendatzaileei aldi baterako egonaldia eskaintzen dien programa. Hiru hilabetetik sei hilabetera bitarteko aldiak izan ohi dira, prestakuntza helburu hartuta. Urtean hamar defendatzaile hartzen dituzte gehienez. Egonaldian, arrisku-egoeratik atera eta arnasaldi bat izaten dute parte-hartzaileek, eta jatorrizko herrialdera itzultzen direnean eragin politiko handiagoa izateko prestakuntza eskuratzen dute. Programaren helburua da giza eskubideen defendatzaileen gizarte-aktibismoa sostengatzen laguntzea.
Eskaerak giza eskubideen alde lan egiten duten gizarte zibileko erakundeen bidez egin behar dira. Eskabideak aurkezteko epea otsailean edo martxoan hasten da, eta irailaren erdian edo urtarrilaren hasieran iristen dira Yorkera.